Gobernu Kontseiluak argi berdea eman die 2025eko dirulaguntzen deialdiari, artxiboak antolatzeko eta digitalizatzeko programak garatzeko, euskal dokumentu-ondarea osatzen duten artxibo-dokumentuak eta artxibo-funtsak – publikoak ez direnak – zabaltzeko.
Eusko Jaurlaritzak honako programa hauek laguntzera 120.000 euro bideratuko ditu:
- Artxibo-funts historikoak artxibo-irizpideen arabera antolatzea, batez ere XX. mendeko dokumentazioa duten eta Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentu Ondarea osatzen dutenak.
- Aurretiaz datu-base batean antolatutako eta deskribatutako artxibo-funtsak digitalizatzea. Proiektuek barne hartu behar dute kontserbazio iraunkorreko artxibo digital baten sorrera, bai eta kopia digital baten sorrera ere, Euskadiko Artxibo Sistemaren web-orriaren bitartez zabaltzeko.
Dirulaguntzak jaso ahal izateko programak 2025ko urtarrilaren 1etik 2025ko abenduaren 31ra bitartean gauzatu beharko dira.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2024ko deialdian Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 10 programa lagundu zituen diruz. Horien artean zeuden, besteak beste, honako hauen digitalizazio proiektuak: Euskal Herriko Txistulari Elkartearen Artxibo Funtsa Antolatu, Katalogatu, Digitalizatu eta Zabaltzeko Plana; Olaso Dorrea Fundazioaren artxiboa digitalizatzeko proiektua edota Gipuzkoako Monumentuen Batzordearen artxiboko liburuen eta dokumentazioaren inbentarioaren proiektua.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)
